PUBLIZITATEA

Elhuyar zientziaren komunikazioa

Oinarriak

Printer-friendly versionSend to friend

DESKRIBAPENA

Teknoskopioa proiektu-lehiaketa bat da. Ikerketa-proiektu edo proiektu teknologiko bat garatuko dute ikasle gazteek, taldeka, ikasturtean zehar.

LEHIAKETAREN XEDEA

  • Zientzia- eta teknologia-gaietako bokazioak piztea
  • Gazteek ikerketa eta proiektu teknologikoetan jardutea
  • Tokian egiten den ikerketa gazteengana gerturatzea
  • Proiektuen komunikazioa sustatzea
  • Talde-lana indartzea
  • IKTetan trebatzea

NORK HAR DEZAKE PARTE?

14 eta 18 urte bitarteko gazteek: DBHko 2. zikloko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako erdi-mailako zikloko ikasleek.

Taldeka hartu behar da parte, gutxienez bi eta gehienez lau kidez osatutako taldetan.

ERRONKA

Arazo bati konponbidea bilatzea. Edozein motatako arazoa izan daiteke, eguneroko bizitzako edozein.

MODALITATEAK

Bi modalitate hauetako bat aukeratu behar da:

  • Ikerketa-proiektua: aukeratutako arazoari konponbidea emango dion ikerketa-lan bat garatzea.
  • Proiektu teknologikoa: aukeratutako arazoari irtenbidea emango dion produktu teknologiko bat diseinatzea/gauzatzea.

LEHIAKETA PAUSOZ PAUSO

Aukeratutako modalitatea edozein dela ere, hiru fasetan banatzen da lehiaketa:

  1. Inspirazio-fasea.
    Talde bakoitzak garrantzitsua iruditzen zaion arazo bat aukeratuko du, eta aukera horren arrazoiak azalduko ditu.
  2.  

  3. Lantze-fasea.
    Arazoari irtenbidea emango dion proiektua landuko da, lan-etapa hauek kontuan izanik:
    • Informazio-bilketa
    • Hipotesiaren formulazioa
    • Ikerketa edo prozesu teknologikoaren diseinua
    • Esperimentazioa edo eraikuntza eta probak
    • Ondorioak ateratzea
    • Txostena idaztea

    2. fasearen amaieran, lan onenak aukeratuko dira, eta sailkatutako taldeek 3. fasean parte hartzeko aukera izango dute.

  4. Komunikazio-fasea.
    Sailkatutako taldeek beren proiektuak jendaurrean aurkeztuko dituzte. Aurkezteko era librea da. Ekitaldian aukeratuko dira lehiaketaren irabazleak, eta bertan banatuko dira sariak.

BLOGA

Izena ematearekin batera, parte-hartzaileen bloga sortuko da automatikoki, eta horren bitartez hartuko du parte lehiaketan talde bakoitzak. Taldeek blogean emango dute lan-prozesuaren berri, egunerokoa balitz bezala.

Han, zer arazo aukeratu duen deskribatu beharko du talde bakoitzak, eta, aldian-aldian, zertan ari diren azaldu. Adibidez, lanarekin lotutako esteka interesgarriak, lanean egindako bideo edo argazkiak, eta abar sartuko dituzte. Lana bera ez da blogean landuko.

2. fasearen amaieran, blogera igo beharko da proiektuaren txostena.

ZER AURKEZTU BEHAR DA ?

  • Inspirazio-fasea. Blogean arazoaren deskribapena eta aukeraren justifikazioa azalduko dira.
  • Lantze-fasea. Proiektuaren txostena igoko da blogera. Modalitate orotan, atal hauek izango ditu txostenak:
    • Ikerketa-proiektua: laburpena, sarrera, arazoa, helburuak, metodologia, emaitzak, ondorioak eta bibliografia.
    • Proiektu teknologikoa: laburpena, sarrera, helburuak, materialak, aurrekontua, metodologia, planoak, emaitzak eta ondorioak. Diseinua eraiki badaiteke, haren argazkia ere bidaliko da.
  • Komunikazio-fasea. Sailkatutako taldeek beren lana aurkeztuko dute.

EPEAK

  • Izen-ematea: irekita
  • Arazoa aukeratzea: abenduaren 14a.
  • Txostena entregatzea: apirilaren 12a.
  • Talde sailkatuei jakinaraztea: martxoaren 29a.
  • Jendaurreko aurkezpena eta sari-banaketa: maiatzaren 23a.

SARIAK

Bi sari egongo dira modalitate bakoitzeko:

  • Proiektu onenaren saria: talde irabazleko kideek tableta bana jasoko dute eta Tecnalia Korporazioan egonaldi bat egingo dute.

  • Komunikazioaren saria: talde irabazleko kideek tableta bana eta Elhuyarren produktu-sorta bana jasoko dute.

Proiektu onenaren eta komunikazioaren sariak ez dira bateragarriak.

LANAK EBALUATZEKO IRIZPIDEAK

Proiektuari dagokionez:

  • Oinarri zientifikoaren edo teknikoaren egokitasuna
  • Arazoa aukeratzeko arrazoibidea
  • Originaltasuna
  • Txostena landua eta zehatza izatea

Komunikazioari dagokionez:

  • Blogaren eguneratzea
  • Erabilitako baliabideen aberastasuna (argazkiak, bideoak...)
  • Jendaurreko aurkezpena
  • Mezua helarazteko gaitasuna
  • Originaltasuna

EPAIMAHAIA

Epaimahaia zientzia eta teknologiako zein komunikazioko edo hezkuntzako adituek osatuko dute, eta Elhuyarrek izendatuko ditu epaimahaikideak.

Epaimahaiak eman gabe utz ditzake sariak, aurkeztutako lanek gutxieneko kalitate-ezaugarriak betetzen ez dituztela iritziz gero.

ARGIBIDEAK

Harremanetarako, idatzi teknoskopioa@elhuyar.com helbidera, edo deitu 943 36 30 40 telefonora.

Babesleak
Gipuzkoa: kultura eta euskara
Tecnalia
FECYT
Obra Social La caixa
Eusko Jaurlaritza: kultura saila
\

elhuyar.org menua

Copyright © 2011 Elhuyar Fundazioa | Lege-oharra

webmaster@elhuyar.com

Estandarrak eta irisgarritasuna